Besteak beste, Durango Kirolak, Bartolome Ertzilla Musika Eskola, Udal Euskaltegia eta Astarloa Kulturgintzaren kobrantzak ekainaren 1era arte etetea erabaki du gobernu taldeak.

COVID-19ko krisiaren ondorioz durangar askok bizi duten egoera ekonomiko zailaren aurrean, Durangoko Udalak udal tasa eta zerga ezberdinen ordainketa ekainera arte luzatzea erabaki du. Modu horretan, kaltetuenei lagundu nahi die Udalak.

Horregatik, eta lehen urrats gisa, Durango Kirolak, Bartolome Ertzilla Musika Eskola, Udal Euskaltegia eta Astarloa Kulturgintzaren kobrantza guztiak etengo ditu udalak ekainaren 1era arte edo salbuespen egoera amaitu arte.

Gainera, ostalaritzako terrazen eta azoka txikiko postuen Jabari Publikoko Okupazioaren gaineko Tasak ekainera arte atzeratu dira. Bien bitartean, horiek erabili ezin izan diren aldietan hobariak emateko bideak aztertzen ari dira udal teknikariak. Udal arduradunen arabera, gobernu taldeak tasa horien zati proportzionalak itzultzearen alde egiten du, baina teknikoki sakonago landu behar dira.

Gainera, hasiera batean apirilaren 8rako aurreikusita zegoen Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzeko epea maiatzaren 31ra arte atzeratu dute.

Azkenik, krisi honen aurretik egoera ekonomiko zaila bizi zuten eta zergak zatikatzea onartu zitzaien durangarrek ere hilabete bat atzeratuko dute ordainketa.

"Badakigu durangar asko eta asko egoera zailean daudela, eta gure familia-inguruneetan ere autonomoak eta ERTEan dauden langileak ditugu. Durangoko Udalean oso argi daukagu osasuna dela lehentasunezkoena oraintxe bertan, baina ez ditugu ahaztu nahi aparteko kezka dutenak beren egoera ekonomikoaren inguruan. Horregatik, gure udalaren eskumenekoak diren neurriak hartzen saiatzen ari gara ', azaldu dute gobernu taldetik.

 

Azken eguneratzearen data:  2020eko martxoak 26, 15:01

 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus