2018ko Martxoaren 8a mugarria izan zen emakumeen eskubide kolektiboen aldeko borrokan. "Emakumeok planto!" kontsignak aldarrikapen tsunamia eragin zuen, eta tsunami horrek estatuko eta munduko herri eta hirietako kaleak bete zituen. Milioika emakumek planto egin zioten sistema bidegabe bati; planto, botereguneetatik kanporatu eta lan prekarioetara, ikusezin bihurtutakoetara eta doakoetara baztertzen dituen sistemari.

Iazko oihuaren oihartzuna oraindik entzuten dugun honetan, aldarrikapen horrek jarraipena izango du aurtengo Martxoaren 8an, "Bizitzak erdigunean!" lelopean. Aurten ere emakumeek kaleak hartuko dituzte bizitza jasangarriago, askeago, anitzago eta duinagoak eskatzeko. Beste behin lan prekarietatea eta emakumeen pobrezia salatuko dira kaleetan; era guztietako indarkeria matxistaren kontrako oihua entzungo da, bazterkeria eta arrazismoaren kontrako gaitzespena.

Udal ordezkariok harro gaude azken urteotan berdintasun politikak bultzatzeko udaletik egin den ahaleginaz, eta badakigu lanean jarraitzeko betebeharra dugula emakumeen bizitzak erdigunean kokatzeko. Konpromisoa hartzen dugu: bitartekoak jarriko ditugu emakumeek pairatzen duten zapalkuntza eta bazterketa desagertzeko eta emakumeak bigarren planora kondenatzen dituen egiturazko indarkeria deuseztatzeko.

Ildo horretan, lan guztiak, ordainduak izan zein ez, beharrezkoak dira bizitza sostengatzeko, eta, gure erabakien bidez, nagusiki emakumeek euren gain hartzen dituzten zaintza-lanak eremu pribatutik atera behar ditugu.

 Bizitza osoan zehar, guztiok izaten dugu zainduak izateko premia. Horregatik, gizarte osoak -gizonek eta erakundeek tartean- zaintza-lanen erantzukizuna hartu behar du, emakumeak gainkarga horretatik libratzeko.

Ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen denboraren erabilera orekatzea, berdintasun politikak eraginkorrak izan daitezen eta emakumeek euren gaitasunak gizartearen zerbitzura jar ditzaten.

Behar-beharrezko da bizitzaren jasangarritasuna guztion lana dela asumitzea, emakumeek benetako aukera berdintasuna izan dezaten, botereguneetara heltzeko, eta baita jakintzara, aberastasunera, sormenera, eta edozein lanpostutara heltzeko ere.

Bizitzaren zaintzaren inguruan dagozkion ardurak hartzeko helburuarekin, honako hau adosten du Durangoko Udalak:

  • Berdintasuneko politikak zeharlerro gisa garatzen jarraituko dugu, berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko arlo guztietan, eta nagusikeria moldeak deuseztatzeko; hala nola, indarkeria matxista, prekarietatea, arrazismoa, eta emakumeek sufritzen duten bazterketa soziala.
  • Bizitzaren zaintza erabaki politikoen erdigunean jartzeko ardura hartuko dugu, zaintza gizarteko pertsona guztien erantzukizuna delako.
  • Mugimendu feministak deitutako greba eta bere helburuak bultzatuko ditugu, eta greba eskubideaz baliatzea erraztuko diegu udaleko langile eta hautetsiei.
  • Herritarrei deialdia egiten diegu era aktiboan parte har dezaten Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira mugimendu feministak martxoaren 8rako deitu dituen mobilizazioetan.
Azken eguneratzearen data:  2019eko martxoak 21, 16:26
 
 
RSS W3C AA W3Hoja de Estilo
Durangoko Udala - Ayuntamiento de Durango , Barrenkalea 17 Telf: 946030000 Faxa: 946201622 Posta elektronikoa: durango@durango.eus